XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erreinuaren Bigarren Sortzea.

- Iduri luke harria bezain azkar erreinu berriak betiko iraun behar lukela.

Bainan, ba ote da betiko erreinurik?...

Dena den, Iñigo Arista hil bezain laster, ordu arteko adixkidantzak ahulduz joanen dira.

Abd al-Rahman II-en ondokoek Ebro alde hartan ere nausi nahiko dute, eta Musaren ondokoek ez dute Musa balioko.

Zer nahi makur, gainerat, heldu zaizko Naparra gaixoari.

Huna Iñigo Aristaren semea, Garcia Iñiguez bigarren erregea, Normands edo Ipar-Gizonek preso hartua.

Hitz dautzuet ez dutela Jainkoaren izenean libratuko!.

Orduan hortako behar zuen urrea, norbaitek eman behar eta... ez ote du, ez eman bainan aintzinatu Ordoño Asturiako erregeak?.

Horra beraz Naparra zorretan... ezen Asturiako erregea ere etzen Jainkoaren izenean ari!.

Xakur txarra dena kukuso, huna gero Garcia erregearen semea, Fortun prinzea, Cordobarat preso eremana.

Hogoi urtez han egonen da, ez segurki gaizki tratatua, eta badakigu haren alaba Iñigak Abd-Allah printzea amodioz xoratuko duela... eta horra nola egun batez sortuko den Abd-Allah eta Iñiga delakoaren iloba ttikia, Mohamed baten semea, Abd al-Rahman hirugarrena!.

Zorigaitzez, Cordoban zahartzen ari zen Fortun.

Eta hogoi urteren buruan itzuli delarik Iruñerat, etzen segur gaztetua.

Harritzeko ote da galdua bazuen errege izaiteko behar den eskua?.

Harritzeko, hogoita bost urtez ahal zuena eginik azkenean Leireko komentuan sartu bada, han azkenean hiltzeko, tronutik urrun, bakean?.

Mihi gaxtoek diote etzela ez Fortun bere baitarik komentuan sartu.

Bazirela, familian berean, aspalditik lanean ari zirenak, harek nahi edo ez, haren tokiaren hartzeko.

Pundu hori ez dugu haatik oraino arras xuritua...

Bainan bego hortan.

Bakotxa bere aldi?.

Ordu arte Iñigo familiak bazuen tronuan egonaldi bat eginik.

Orai Ximeno familiaren aldi?.

Bi familiek, bestenaz ere, ez ote zuten erro bera?...

Delako erro hori, Ximeno edo beste, ez dut uste oraino garbiki ageri den.